SINOPSIA “Claudia eta Saga orain dela bost urte ezagutu zuten elkar. Beraien bizitzako hiru urte zoroenak elkarrekin pasa zituzten, hezurra eta mamia bezala. Baina zerbaitek hautsiezina zirudien harreman hori apurtu zuen. Gaur, hainbeste denbora pasa ondoren, Saga da Claudia ikustera datorrena, eta bere maletan gorrotoa gordeta dakar".
FITXA ARTISTIKOA SAGA: MARIA URCELAY CLAUDIA: AINHOA JAUREGI JANTZIAK ETA ESZENOGRAFIA: AZEGIÑE URIGOITIA ARGIZTAPENA: OIER ITUARTE BIDEO SORKUNTZA: JESUS PUEYO TESTUAK: MIKEL SOMIÑONA ITZULPENA: JON GEREDIAGA SOINU ESPAZIOA: JOKE DE VRIESE PROIEKZIOETARAKO TEKNIKOA: JAVI ANDRAKA ARGAZKIAK: SON AOUJIL DISEINU GRAFIKOA: ARITZ MERINO ZUZENDARI LAGUNTZAILEA: ARRATE ETXEBERRIA EKOIZPENA: KHEA ZIATER BANAKETA: INFINITA ESCENA ZUZENDARITZA ETA DRAMATURGIA: ALEX GEREDIAGA
KRITIKA: Agus Perez -BERRIA- Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 13
...... Eta zirku eszenikotik zine eszenikora igaro gara asteon, Malmö izeneko proposamena film eszenikotzat jotzen baitute Khea Ziater taldeko kideek. Alex Gerediagak zuzendutako proiektua bere bidea ari da egiten nortasun handiko estilo finduan, eta aurreko lanetan bezala —Satisfaktion eta NOT (Never on Time)—, ikusleekiko hurbiltasuna eta antzezleen inplikazio pertsonala izan dira pieza honen ezaugarrietako batzuk. Intimitate gordinaren eremua esploratu dute oraingo honetan ere, eta interesgarria da jakitea emakumeen ikuspegia jorratu dela hiruretan, bai gaien bai antzezleen aldetik.
Thriller moduko batean eta Mikel Somiñoneren testuan oinarrituta —Jon Gerediagarena da euskaratzea—, gaztetako laguntasun apurtuaren ondorioak plazaratu dituzte Ainhoa Jauregik eta Maria Urzelaik, abandonua, jelosia, gorrotoa eta mendeku gosea lagun. Bi-bien izaera indartsua eta trebakuntza sendoa izan dira lan honetako osagai nagusiak, eta beraiei esker egin zaigu sinesgarri Tarantinoren eskolako deskalabru tragikomikoa. Zuzeneko irudi proiektatuek eta Jesus Pueyoren eszena filmatuek ere jokatu dute egiazkotasunaren alde, eta Malmö ustezko musika talde interesgarriak —Na Gomes, Joke De Vriese eta Birdy— ezinbesteko rola jokatu du kontakizunean, Ainhoa Jauregiren ahots ederrari laguntza dotorea emateaz gainera.